XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ibarreko burdinola eta eihera gehienetatiko errenten eta zergen kobratzaile eta beste hainbat kargu irabazpidetsu bezain gozoren jabe izanak ziren Gazteluzar-eko nagusiak, Ugarte aitonenseme-familia alegia, erabat gainbehera jausiak omen ziren XVI. mendearen erdi alderako.

Garai haietako kronikek diotenez, Pedro de Ugarte handikiak lau seme-alaba izan omen zituen bere esposa guztiz noble eta prestuarengandik: bata, Domenjon izenekoa, Inperioaren zerbitzari leiala, nabigatzaile trebea, sukar gaiztoek eraman omen zuten hilobira Yukatango lurraldeetan, hango indiarrak eta emeak baketzera joana zelarik;

beste bat, Juan zeritzana, Espainiako Gortera joan omen zen, nobleziako dama guztien aitor-entzule bide zen osaba fraide dominiko batek deiturik, baita, itxura denez, karrera argitsua burutu ere, Erresumako Eskribau eta, beranduago, hilhurren zegoelarik, Koroari eginiko zerbitzu ugari bezain ongarrien saritzat, bere leinuarentzat Villanueva-ko Konde titulua erdiesteraino iritsiz;

hirugarrena, emakumea berau, eta nonbait berezko edertasunez ez dakigu baina familiako ondasunez behintzat aski ongi hornitua izan ez zenez, zorigaiztoagokoa izan omen zen, Margarita zeritzan alaba hau, kronikek puntu honi buruzko argitasunik ez badakarte ere, seguru aski aitaren aginduz sartu baitzen lekaime Gazteluzar-etik berrehun bat metro eskasera zegoen eta oraindik ere badagoen Ama Klarisatarren Trinitateko Konbentu garai haietantxe hain zuzen 1543 urtean, prezezki fundatu berria zenekoan, eta hori bai, kronika eraspentsuek luze eta zabal aipatua dute santutasunezko usainean hil omen zen 1638 urtean, ehun eta bost urteko Ama Superiora beneragarria zelarik, Condé-ko Printzearen tropa frantses eto krudelek Urbietako herria goitik behera erraustu zutenekoan sortu zen kolera izurriteak eragindako zirineria batez, goian bego;

laugarren semea, azkenik, Jainkoaren eta Eliza Ama Santaren zerbitzari fina bera ere, oso nabarmendu zen 1566 urte inguru haietan, (...)